2015-12-07

Krosaren arautegia

1.- DATA ETA LEKUA

Herri Ametsa Talaia Mendi Krosa 2018ko urtarrilaren 28an, goizeko 10:00etan, izango da. Abiapuntua eta helmuga Herri Ametsa Ikastolan izanen dira.

 

2.- IBILBIDEA

Ulian zehar izango da, Herri Ametsa Ikastolatik hasita, eta 14,5 km-ko luzera izango du. Helmugakoaz gain, bi hornidura postu atonduko dira. Postu horietan, parte hartzaileei edariak eta produktu energetikoak eskainiko zaizkie.

Ibilbidea eta kilometroak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, kartelen bidez.

 

3.- MAILAK

16 urtetik gorakoek soilik parte har dezakete.

Bi maila izango dira:

  • Absolutua (16 eta 39 urte bitarteko emakumezkoentzakoa eta 16 eta 44 urte bitarteko gizonezkoentzakoa).
  • Beteranoena (40 urtetik gorako emakumezkoentzakoa eta 45 urtetik gorako gizonezkoentzakoa).

 

4.- IZEN-EMATEA

Mendi krosean parte hartzeko, 17€ (probako egunean 20€) ordaindu beharko dira. Izena emateko epea 2017ko abenduaren 11tik 2018ko urtarrilaren 26a arte (biak barne) izanen da, www.herrikrosa.eus webgunean soilik. Lasterketaren egunean ere izena eman daiteke, goizeko 8:00etatik 9:30ak arte, betiere 250 lasterkarien kopurua gainditu ez bada.

Probaren aurreko egunetan, korrikalariak bere izen-deiturak parte-hartzaileen zerrendan ageri direla ziurtatu beharko du eta izenaren ondoan Ordaindua ageri dela. Hala ez bada, lasterketaren egunean ordainketaren agiria aurkeztu beharko du edo, bestela, dagokiona ordaindu.

Azkenik, inork lasterketan parte hartu ezin badu (lesioa, gaixotasuna… dela kausa), antolakuntzari (Herri Ametsari) horrexen berri eman diezaioke lasterketa eguna baino astebete lehenago arte.

 

5.- KORRIKALARIEN ZENBAKIEN BANAKETA

Korrikalarien poltsak (dagozkien zenbakiekin) Ikastolako sarreran banatuko dira: batetik, 2018ko urtarrilaren 25an eta 26an, arratsaldeko 15:00ak eta 19:00ak bitartean, eta bestetik, lasterketaren egunean, 8:00etatik 9:45ak arte.

Zenbakiok bularrean jarri behar dira, argi eta garbi ikusgai.

 

6.- ZAINTZA ZERBITZUA ETA DUTXAK

Ikastolan, motxilak uzteko zaindegia eta dutxak izango dira (ur beroa mugatua). Horrez gain, Bidebieta auzoko kiroldegian sartzeko eta bertako dutxak erabiltzeko aukera ere egongo da.

 

7.- SAILKAPENA

Krosaren kronometrajeaz Herrikrossa arduratuko da.

Deskalifikatzeko arrazoiak:

  • kontrol puntuetara nahiz helmugara lehena heldu eta handik 90 minutura ez iristea,
  • korrikalariak zeharbideak hartzea edo ibilbide osoa ez egitea,
  • korrikalariak zaborra edozein tokitan botatzea eta ez prestatutako lekuetan,
  • korrikalariak animaliak eta landareak ez errespetatzea
  • korrikalari batek beste baten zenbakia eramatea eta
  • korrikalaria helmugara zenbakirik gabe sartzea.

 

8.- SARIAK

  • Sailkapen orokorreko lehen hirurentzat, gizonezkoen zein emakumezkoen sailetan.
  • Beteranoen mailako lehen gizonezkoarentzat eta lehen emakumezkoarentzat.
  • Ikastolarekin harremana duten edo izan dutenen artean (ikaslea, ikasle ohia, aita, ama, langilea edo langile ohia), helmugara aurrena iristen denarentzat.

Sariak ez dira metatuko: hau da, sailkapen orokorreko lehena beteranoa bada gizonezko zein emakumezkoetan, beteranoen saria bigarren geratu den beteranoari emanen zaio.

 

9.- OPARIAK ETA HAMAIKETAKOA

Parte hartzaile guztiei elastiko bat emanen zaie opari: izena ematean, neurria zehazteko eskatuko da, baina azken egunetan izena emanez gero, ez dugu bermatzen denentzako neurri egokiak geratuko direnik.

Ibilbidea bukatu ondoren, parte hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatuko dira eta hamaiketako polita eskainiko zaie.

 

10.- SEGURTASUNA

Antolakuntzak Ardura Zibileko asegurua izanen du eta kontzertatuko duen istripu aseguru-etxe batek korrikalariak babestuko ditu. Udaltzain, Herri Babes, boluntario eta Gurutze Gorrikoen laguntzaz, antolatzaileek lasterketa ondo ateratzea eta arazorik ez izatea bermatuko dute. Beraz, antolakuntzak bere gain hartzen du ibilbidearen barruan gerta litekeen edozein istripuren ardura eta lasterketaren ondorio zuzenak diren istripuak bakarrik babestuko ditu; ez, ordea, norberaren egoeragatik edo ekintzengatik sortutako ezbeharrak, zuhurtziagabekeriak, arduragabekeriak, gaixotasunak, arazo fisikoak eta abar.

Parte-hartzaileek izanen dute beren buruari edota besteri eragindako kalte ororen erantzukizuna. Halaber, betekizun izanen dute istripuren bat izan duen edonor laguntzea eta kontrol-guneetan edozein ezbeharren berri ematea.

Antolakuntzak parte-hartzaile guztiei aurrez osasun-azterketa egitea gomendatzen die. Norberak bere gain hartu beharko du kirol jarduerak dakarren arriskua.

Azkenik, antolakuntzak eskubide osoa izango du proba beste ibilbide batetik desbideratzeko, beharrezkotzat jo litzakeen aldaketak egiteko eta, eguraldiak edota beste eragileren batek hartaratuta balego, lasterketa bertan behera uzteko.

 

11.- KONTROLAK

Ibilbidearen luze-zabalean, antolakuntzak kontrol-guneak jarriko ditu eta bertatik igarotzea ezinbestekoa izango da.

 

12.- INGURUMENA

Lasterketa mendi inguru eta parke natural batetik igaroko da. Uliako zati bat Kontserbazio Bereziko Eremua da. Beraz, tokiok ahal bezainbeste zaintzeko, parte-hartzaile guztiei zaborra hornidura postuetatik gertu jarriko diren zakarrontzietara soilik bota dezaten eskatzen zaie.

Bestalde, animaliak eta landareak errespetatzea nahiz ibilbidean zehar zeharbideak ez hartzea ezinbestekoa da.

 

13.- IRUDI ESKUBIDEAK

Parte hartzaile bakoitzak ontzat ematen du antolatzaileek ateratako argazki edo bideoetan euren irudia libreki erabiltzeko eskubidea.

 

14.- ARAUDIAREN ONARPENA

Lehiaketan parte hartze hutsak arauok onartzea dakar.