2015-12-11

Martxaren arautegia

1.- DATA ETA LEKUA

Herri Ametsa Talaia Mendi Martxa 2018ko urtarrilaren 28an, goizeko 9:15etan, hasiko da. Abiapuntua eta helmuga Herri Ametsa Ikastolan izanen dira.

 

2.- IBILBIDEA 

Herri Ametsa Ikastolatik hasita, Ulian zehar izango da eta 9 km-ko luzera izango du. Zenbait arduradunek parte hartzaileak ibilbidean zehar gidatuko dituzte.

 

3.- IZEN-EMATEA

16 urtetik gorakoek eta haiek lagundutako adingabekoek esku hartu dezakete. Mendi martxan izena emateko epea 2017ko abenduaren 11tik 2018ko urtarrilaren 26a arte (biak barne) izanen da eta izena www.herrikrosa.eus webgunean eman beharko da. Probaren egunean bertan ere izena eman daiteke, goizeko 8:00etatik 8:45ak arte, betiere 250 parte hartzaileren gehienezko kopurura iritsi ez bada.

Hiru adin saila xedatu ditugunez, kontuan hartu bakoitzari dagokiona (parte hartzaile guztiek eman beharko dute izena):

  • Batetik, 16 urtetik gorakoentzakoa (16 urtekoak barne): 10 € ordaindu beharko dituzte eta asegurua izanen dute.
  • Bestetik, 8-15 urte bitartekoentzat: 5 € ordaindu beharko dituzte, eskola kirola egiten dutenek izanen dute asegurua soilik eta gurasoen zein legezko tutoreen ardurapean egonen dira.
  • Azkenik, 8 urtetik beherakoentzakoa: ez dute ezer ordaindu behar izango, ez dute asegururik izanen eta gurasoen zein legezko tutoreen ardurapean egonen dira.

Parte hartzaile guztiek www.herrikrosa.eus webgunean sartu behar dute eta, lehen aldia bada, hantxe erregistratu. Ondoren, mendi martxan izen emateko aukera izango dute.

Aldiz, Nortasun Agiririk ez dutenek (haurrek, alegia) erregistroko txantiloian haren zenbakia bete behar den lekuan, identifikazio kodea jarriko dute:

  • aurrena, izenaren lehen letra,
  • jarraian, lehen deitura osorik eta,
  • azkenik, jaiotza-data (hasieran, urtea, lau zenbakiez; gero, hila eta eguna, bina zenbakiz).

Ez da tarterik utzi behar: hots, 2006ko maiatzaren 30ean jaiotako Joxe Mari Gartzia Lasa parte-hartzaileari jgartzia20060530 jarriko zaio. Nolanahi ere, 2017ko edizioan erregistroa egin zuten adin txikikoek ez dute kode berririk sortu behar: aurreko edizioko kode bera sartzea nahikoa izango da.

Erregistroko datu guztiak betetakoan, haur horien izen-emateaz arduratu direnek “ikastolako ikaslea edo haurra izanez gero” deritzan gunean sartu eta aurretik adierazitako identifikazio kodea jarri ondoren, izena eman ahal izango dute.

Urtarrilaren 28ko aurreko egunetan, mendizalearen izen-deiturak parte-hartzaileen zerrendan ageri direla ziurtatu beharko du, baita izenaren ondoan Ordaindua ageri dela ere. Hala ez bada, lasterketaren egunean ordainketaren agiria aurkeztu beharko du edo, bestela, dagokiona ordaindu.

Azkenik, inork mendi martxan parte hartu ezin badu (lesioa, gaixotasuna… dela kausa) edo izen ematearekin arazorik badu, antolakuntzari (Herri Ametsari) horrexen berri eman diezaioke martxa eguna baino astebete lehenago arte.

 

4.- OPARIAK ETA HAMAIKETAKOA

Parte hartzaile guztiei elastiko bat emanen zaie opari: izena ematean, neurria zehazteko eskatuko da, baina azken egunetan izena emanez gero, ez dugu bermatzen denentzako neurri egokiak geratuko direnik.

Ibilbidea bukatu ondoren, parte hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatuko dira eta hamaiketako polita eskainiko zaie.

Mendizaleentzako poltsak (dagozkien kamisetekin) Ikastolako sarreran banatuko dira: batetik, 2018ko urtarrilaren 25ean eta 26an, arratsaldeko 15:00ak eta 19:00ak bitartean, eta bestetik, martxaren egunean, 8:00etatik 9:00ak arte.

 

5.- INGURUMENA

Uliako zati bat Kontserbazio Bereziko Eremua da. Ibilbideak parke natural bat zeharkatuko duela kontuan hartuta, parte hartzaile guztiei garbiak izateko eta zaborra dagokion lekuan botatzeko eskatzen zaie.

Bestalde, animaliak eta landareak errespetatzea nahiz ibilbidean zehar zeharbideak ez hartzea ezinbestekoa da

 

6.- IBILBIDEAREN SEGURTASUNA

Antolakuntzak Ardura Zibileko asegurua izanen du eta 16 urtetik gorako nahiz 8-15 urte bitartean eskola kirola egiten duten parte hartzaileentzat, hark kontzertatuko duen istripu aseguru-etxe batek, parte hartzaileak babestuko ditu. Udaltzaingoaren, Herri Babesaren, boluntarioen eta Gurutze Gorrikoen laguntzaz, antolatzaileek martxa ondo ateratzea eta arazorik ez izatea bermatuko dute. Beraz, antolakuntzak bere gain hartzen du ibilbidean gerta litekeen edozein istripuren ardura, baina ez ordea norberaren egoeragatik edo ekintzengatik sortutako ezbeharrak, zuhurtziagabekeriak, arduragabekeriak, gaixotasunak, arazo fisikoak eta abar.

Parte-hartzaileek izanen dute beren buruari edota besteri eragindako kalte ororen erantzukizuna. Halaber, betekizun izanen dute istripuren bat izan duen edonor laguntzea eta kontrol-guneetan edozein ezbeharren berri ematea.

Antolakuntzak eskubide osoa izango du proba beste ibilbide batetik desbideratzeko, beharrezkotzat jo litzakeen aldaketak egiteko eta, eguraldiak edota beste eragileren batek hartaratuta balego, mendi martxa bertan behera uzteko.

 

7.- IRUDI ESKUBIDEAK

Parte hartzaile bakoitzak ontzat ematen du antolatzaileek ateratako argazki edo bideoetan euren irudia libreki erabiltzeko eskubidea.

 

8.- ARAUDIAREN ONARPENA

Lehiaketan parte hartze hutsak arauok onartzea dakar.